Programak 18 jarduera izango ditu guztira
‘Kazetaritza, bertatik bertara’ programaren 12. edizioa egingo da Gasteizen abuztuaren 24tik 28ra, eta nazioarteko kazetariek eta adituek egungo gaiak aztertuko dituzte bertan, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortzeko. Aurten, 1976ko martxoaren 3aren 50. urteurrena dela eta, egitarauak egun bat eskainiko dio Gasteizen izandako gertaera tragikoei buruzko monografikoari, eta abuztuaren 28ko programazioa gaiari buruzkoa izango da oso-osorik.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak programaren aurkezpenean azaldu duenez, «egun hartan gertatutakoak hiriaren orduko oraina eta historia zehaztu zituen betiko, eta, horregatik, kazetaritza arloko gaurkotasuneko jardunaldi hauetan, derrigor gehitu behar genuen horri eskainitako tartea«.
Era berean, Ekialde Ertaineko gatazka, Marokoko gaurkotasuna, superpotentziek nazioarteko geopolitikan duten jokoa, desinformazioa eta giza eskubideak, eta Kuba edo Txina bezalako herrialdeen egungo egoera izango dituzte hizpide, besteak beste.
Programak 18 jarduera izango ditu guztira (iaz baino bat gehiago), eta, horien artean, hitzaldiak eta mahai inguruak nabarmentzen dira. Berriemaile bereziak, korrespontsalak eta gatazka eremuetan lan egiten duten fotokazetariak, baita atzerriko eta bertako komunikabideetako berriemaileak ere, bilduko dira horietan. Jarduerak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa Biltzar Jauregian, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte.
Egun bakoitzaren amaieran, 21:30ean, programan landutako edukiekin lotutako filmak proiektatuko dira Florida zinema aretoetan. Proiekzioen ondoren, film edo dokumental batzuetan zine-foruma egingo da, jorratutako gaian adituak direnekin. Prezioa 3 eurokoa da.
Natalia Sancha kazetari, politologo eta idazle andaluziarraren ‘Los Nadies de la guerra’ argazki erakusketak osatuko du programazioa. Erakusketak gerren albo-ondorioak kontatzen ditu, kontatzen ez diren eta eguneroko indarkeriak itotzen dituen biziraupen-istorioak. Gasteiz hiribidean egongo da ikusgai, Europa Biltzar Jauregiaren alboan, abuztuaren 18tik irailaren 13ra.
